GUREAN GAUR

PSE-EE Zumarraga: "Herritarrekin harremana izateak aukera eman digu beharrak identifikatzeko"

 

Mikel Serrano Zumarragako PSE-EEko alkategaia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bost legegintzaldi daramatza dagoeneko alkate karguan, eta nabarmendu du herritarrekin harremana izateak aukera eman diola “zumarragarren beharrak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko proiektuak planteatzeko”.

Serranok azpimarratu du irisgarritasuna hobetzeko proiektu ugari jarri dituela martxan, eta, besteak beste, herriko goiko partea “zaharberritzeko” proiektuak nabarmendu ditu. Era berean, balioetsi du urte hauetan pandemiari aurre egiteko egin duten lana, “Zumarraga atzean ez geratzeko". Era berean, gehitu du “eskarmentu handiko” taldea osatu dutela, eta “egingarriak” diren proiektuak jarri dituztela mahai gainean.

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko diru sarreren araberako diru laguntzak eskaintzen dituztela azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztelagun’ programarekin osagarri dena. Horrez gain, 24 apartamentu dotazional egingo dituztela gaineratu du.

Industriari dagokionez, nabarmendu du Arcelor Mitall enpresaren itxierari aurre egin behar izan diola legegintzaldi honetan, eta nabarmendu du ekonomia zirkularreko plastikoaren polo bat ireki dutela. Era berean, “industria horrek behar dituen profesionalak hezteko lanbide eskola” ere abian jarri dutela azpimarratu du.

Serranok adierazi du energia komunitatea sortu zuen lehen herria izan zela, eta azpimarratu du energia komunitario industriala sortzen ari direla orain Zumarragako 27 enpresekin hitz eginez.

“Gezur borobiltzat” jo du Zumarragan erraustegi bat eraiki nahi dutenik, eta salatu du oposizioa “nahita” ari direla nahasten herritarrak.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.