GUREAN GAUR

Josu Etxaburu: “10 urte hauetan lortu dugu erabakitze eskubideaz naturaltasunez hitz egitea”

Gure Eskuren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute datorren ostegunean Portugaleten ’10 urte baino ez’ lelopean, eta horri buruz hitz egin dugu Josu Etxaburu bozeramailearekin. Etxaburuk azpimarratu du urte hauetan Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko hainbat ekimen egin dituztela, eta lortu dutela erabakitze eskubideaz “naturaltasunez” hitz egitea. Orain, nabarmendu du erabakitzeko eskubide hori gautzeko prozesua “irudikatzea” dagokiela: “Herri gisa, prozesu hori irudikatu behar dugu, eta norbere buruari eperik jarri gabe, adostasun asko josi beharko ditugu; guztion artean bide hori eta prozesu hori nola egingo dugun erabaki behar dugu, eta urrats garrantzitsua izango litzateke hori”.
Tourrean egingo duten ekimena ere izan du hizpide, eta nabarmendu du egun horiek baliatuko dituztela nazioarteari adierazteko “herri bat garela eta erabaki nahi dugula”. Horretarako, nabarmendu du “ikurrin uholde” bat sortu nahi dutela bazter guztietan.