Txefi Roco LABeko idazkaritza antiarrazistako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Rocoren esanetan, langile migratu eta arrazializatuen egoerei erantzuteko tresna sindikala izatea da beren helburua, eta ezinbestekotzat jo du antiarrazismoa mundu osoan gertatzen ari den eskuinaren gorakadari aurre egiteko.
Rocok azpimarratu du langile migrante eta arrazializatuekin erantzun kolektiboak lantzea dela beren xedea, “antolakuntza kolektiboa” eta “ekintza sozial antiarrazista” oinarri hartuta: “Sindikatu gisa, zor koloniala daukagu, eta gure asmoa da hori erreparatzea, eta langile horien ekarpen sozial eta politikoa aitortzea".
Hori horrela, Rocok nabarmendu du LAB sindikatuko lehenengo “plan antiarrazista” egin dutela, eta lau dimentsio barnebiltzen dituela: “Kontzientzia sindikal antiarrazista, etxe barruan ere eguneroko jardunean jokabide antiarrazistak garatzeko, sindikatuaren egituran jarrera antiarrazista lurreratzea, ekintza sozial antiarrazista garatzea, eta beren lekutik Euskal Herrian eragin sozial eta politikoa egitea".