GELTOKIA

Jone Alastuey: "Nafarroako Gobernuak tokian tokiko beharrak kontutan hartu behar ditu"

Jone Alastuey Uztarrozeko alkatearekin hitz egin dugu Pirinioetako mugikortasunaren egoeraz. Alastueyk nabarmendu du herri horietan oso garrantzitsua dela garrai publikoa, herrietan ez daudelako behar dituzten zerbitzu publiko guztiak, eta beste herri batzuetara mugitu behar dutelako. Esaterako, Iruñera joateko eta bertatik etortzeko autobus bakarra dute egun osoan, medikua eta erizaina astean bitan etortzen dira Uztarrozera, eta, bestela, Isabara joan behar dute. Hezkuntzari dagokionez, haur eskolako gurasoek joan eta etorrian ibili behar dute haurrak eskolara eramateko, baina eskolara joateko garraio publikoa ibar guztietako herri guztietatik pasatzen da. 16 urterekin ikasketekin jarraitu nahi badute Iruñera joan behar dute, eta horren ondorioz, nabarmednu du 16-24 urte arteko gazterik ez dagoela ibarrean astean zehar.

Alastueyk nabarmendu du proiektu bat martxan jartzen denean garraio publikoaz gain, azpiegiturak edota errepideak ere kontutan hartu behar direla, baina salatu du Nafarroako Gobernuaren prozesua "oso motela" izaten dela batzuetan. Alastueyk balioetsi egin du urte hauetan egindako lana: "Azken urteetan denda batzuk eta gune industrial bat ireki dira, denda txikientzako laguntzak jarri dituzte martxan, Nafarroako Gobernuaren barnean departamentu txiki bat ere ireki de, eta agenda politikoaren txoko batean badaude Pirinioak".

Alastueyk azpimarratu du hainbat plataforma jarri direla martxan ibarra bizirik mantentzeko xedez, eta adierazi du lan horri esker Pirinioetako Mahaia jarri dela martxan: "Espero dut plan horrek martxan jarraitzea, eta ibarrak bizi gehiago izatea". Izan ere, azpimarratu du Nafarroako Gobernuak tokian tokiko beharrak hartu behar dituela kontuan, eta horiei erantzuna eman.