GUREAN GAUR

Bea Macias, Ozen: "Azken urteetan bortizkeriaren zorroztasuna areagotu besterik ez da egin"

Bea Macias Ozen elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Antiarrazismoa, ikuspegi transfeminista eta antikapitalismoa dira beren ardatz nagusiak, eta salatu du kapitalismoak eragindako indarkeria areagotu egin dela azken urteetan: “Ez dugu hainbesteko aldaketarik izan gure inguruan; gauzak zorrozten ari dira, baina Bilbon zein Euskal Herrian beste kapitalismoak eragindako indarkeria batzuk pairatzen aritu gara azken urteetan, eta bortizkeria horren zorroztea besterik ez da”.

Maciasek azpimarratu du beren kolektiboaren “askapena ez dela parlamentuetatik etorriko”, eta erasoen aurrean erantzuteko “gaitasuna” indartzen jarraitu behar dela dio, “bizilagunen eta eragileen arteko sareak sortuz”. Izan ere, ohartarazi du instituzioetatik kanpo oso talde gutxi daudela LGTBIQ+ auzian eragiten dutenak, eta azken urteetan eragileen “desartikulazioa” gertatu dela dio.

Zuriketa arrosa izan du hizpide, eta nabarmendu du “instituzioen eta nazioen bortizkeriak zuritzeko erabiltzen den estrategia ekonomiko eta politikoa” dela, eta Israel jarri du horren adibidetzat: “Israel gayfriendly gisa azaltzen da munduan Palestinaren aurka egiten dituenak zuritzeko”. Zentzu horretan, nabarmendu du Bilbao Bizkaia Harro gisako ekimenen “aurka” daudela, “beren borroka guztia saltzen dutelako, eta polizia zuritzen duelako". Ekimen horiek guztiak hedatzen ari diren hiri ereduarekin lotuta ikusten dute: “Bilbo hiririk lgtbifriendlyena dela saldu nahi dute etekin politiko eta ekonomikoa ateratzeko”.

Horri guztiari aurre ezinbestekotzat jo du eragileen arteko elkarlana: “Ezingo dugu gure askapena lortu besteen askapenaren borrokan ez bagaude”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.