Arkaitz Antizar CCOO lurralde arduraduna elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, langileen erosahalmena bermatzea da beren helburu nagusia, eta sindikatuek eta langileek urte hauetan egindako lana balioetsi du: “Urtarriletik abuztura 26 hitzarmen kolektibo sinatu dira EAEn, eta 2022an izan ziren. Horrek erakusten du langileak mobilizatzen direnean eta indar sindikala dagoenean, hitzarmen sektorialak berritzen direla eta langileek eskubide gehiago lortzen dituztela”.
Antizarren esanetan, Urkulluk irakurketa “okerra” egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxan den ziklo mobilizatzaileari dagokionez: “Zerbitzu publikoetan arazo larria dago, eta herritarren asrtean haserrea dago, eta horren erantzule sindikatuak egiten gaituzte; ikusiko dugu zer gertatzen den hauteskundeetan”.
Antizarrek azpimarratu du 2021ko lan erreformak onurak ekarri dituela, baina nabarmendu du arazo estrukturalek hor jarraitzen dutela, eta besteak beste, hainbat lanen sasoikotasuna salatu du. Bekadunen Estatutua aurrera ateratzeko ezinbestekotzat jo du tramite parlamentarioa bultzatzea, eta dio beste industria eredu bat bultzatu behar dela. Bide horretan, garrantzitsutzat jo du batasun sindikala: “Guztiok elkarrekin borrokatuz gero, gauza gehiago lortuko ditugu”.