GUREAN GAUR

Martxelo Diaz, kazetaria: “PSOEk jokaldi borobila egin du Puente bozeramaile gisa jarrita”

Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioa aztertu dugu Martxelo Diaz GARAko kazetariarekin. Diazek uste du “ezinezkoa” dela ostiralean Feijoo presidente izatea, eta PSOEren kritikoren bat alderdiaren ildotik ateratzea: “Tamayazo hitza ibili da komunikabideetan, eta ezin dugu baztertu, baina normalena izango litzateke alderdi guztiek beren disziplina betetzea, eta Feijook gehiengo sinplerik ez lortzea”.

Diazek uste du atzo PSOEk jokaldi “borobila” egin zuela Oscar Puente bozeramaile gisa jarrita: “Azkenaldian, PSOEren estrategia izan da zabaltzea inbestidura saio hau ez zela serioa, aste hauetan denbora galtzen ibili direla, eta bitartean, gobernua eratzeko prozesua benetan ez dela martxan jarri”. Diazen esanetan, Feijooren figura “higatzeko” egin du jokaldi hori PSOEk, eta ongi atera zaio: “PPren haserrea piztea lortu zuten, Feijoo jokoz kanpo uztea, eta bere ahuldadeak agerian”.