GUREAN GAUR

Mitxel Lakuntza, ELA: "Gobernuaren asmoa beti izan da betikotzea gaur egungo hezkuntza eredua"

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hezkuntza Legeari buruzko eztabaida hizpide, nabarmendu du beraientzat ez dela “sorpresa” izan aste honetan gertatu dena: “Sailburuaren eta Gobernuaren asmoa beti izan da betikotzea gaur egungo hezkuntza eredua; aste honetan ez da sorpresarik izan guretzat". Azpimarratu du gaur egungo estatus juridikoak ez duela euskararen normalizazioa bermatzen, eta ez dagoela “ausardia politikorik” aurrerago joateko.

Glavista eta Mecarner enpresen egoera izan du hizpide, eta nabarmendu du lehenengoaren kasuan badela “aukera” enpresa horrek produkzioarekin jarrai dezan. Dena dela, salatu du Glavistaren egoera “lotuta” dagoela “multinazional baten posizioarekin, ez dituelako saldu nahi enpresa dagoen terrenoak”. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari dei egin dio enpresari presioa egin diezaion Glavistaren etorkizuna bermatzeko. Lakuntzaren esanetan, Mecaner ixtea erabaki dute errentagarria den arren, eta salatu du “lan erreforma honek ez duela zereginik horrelako egoerei aurre egiteko”. Arcelorren egoerari dagokionez, nabarmendu du normalean ERTEak egoera koiunturalei aurre egiteko direla, baina 12 urteetan, urtero deitu dituztela halakoak: “Modus operandi bat ikusten dugu, koiunturala izan beharko lukeela estruktural bihurtzeko. CCOO, UGT eta USO sindikatuek oniritzia eman diote enpresari hori egiteko, eta hau da langileen gehiengoari ezartzen zaiona”.

LABek STEILAS, ELAk eta CCOOk urriaren 24rako deitu duen irakaskuntzarako grebarekin bat egin ez izana interino taldearekin, Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioarekin lotu du Lakuntzak: “LABek akordio bat egin zuen interino taldearekin, Eusko Jaurlaritzarekin, eta akordio hori guretzako oso eskasa izan zen, eta gutxiengoan egindakoa”. Gehitu du sektorean “ezinegon handia” dagoela, eta LABek “arazoa” duela: “LABek akordio bat sinatuta dauka, eta ezin du akordio horren kontra egin; arazoak hor daude”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.