GUREAN GAUR

Txabi Perez: "Gure ekarpenak ez dira islatzen EAJren eta PSE-EEren arteko akordioan"

Txabi Perez Hezkuntzan Librezale taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Salatu du Hezkuntza Batzordean egindako ekarpenak ez dituztela aintzat hartu EAJren eta PSE-EEren artean adostutako emendakinean.

Nabarmendu du digitalizazioak ezin duela beren-beregi hezkuntzaren helburua izan, ikasketa prozesua “hobetzeko” erabili behar dela baizik. Horrez gain, “ahalduntze digitala” aldarrikatzen dute ikasleentzat, “ikasleak jakin behar duelako gizarte teknologiko honetan mugitzen”. Gehitu du Hezkuntza Legean software librean oinarritzen diren protokoloak sar ditzaten nahi dutela, “bestela harrapatuta gaudelako multinazionalen atzaparretan".

Salatu du erabiltzaileen datuen “erabilera masiboa” egiten ari dela Google, eta horrela lortzen dituztela etekinak. Alternatibak existitzen direla nabarmendu du, baina adierazi du instituzioek “estrategia” bat markatu behar dutela: “Ikastetxeek ezin dute bere gain hartu”. Zentzu horretan, dio digitalizazioa “ordenagailu gabe” egin behar dela batzuetan, “hausnartu eta pentsatzeko zer eta zertarako erabiltzen den".

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.