GUREAN GAUR

Gema Orbe, BesteBi: "Etxerik gabeko pertsonen errealitatea ikusarazteko sortu ginen"

Germa Orbe Beste Bi plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Duela 16 sortu zuten hainbat elkartek plataforma, etxerik gabeko pertsonen errealitatea ikusarazteko asmoz.

Germak nabarmendu du beraiek lan egiten ari diren pertsona batzuk ez dutela etxebizitza eskubidea bermaturik, eta salatu du etxebizitzaren arazoa estrukturala dela: “Edozeini gerta dakioke”. Azpimarratu du bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko zerbitzu gehienak hiriburuetan daudela, eta horiek deszentralizatu beharko liratekeela.

Orbek nabarmendu du oso garrantzitsua dela errolda eskubidea, horrek beste eskubide batzuetara sartzeko eskubidea ematen duelako, baina salatu du errolda “negozio” bihurtu dela hainbatentzat.

Orbek salatu du gero eta jende gehiago dagoela bazterketa egoeran, eta nabarmendu du bazterketa egoeran dagoen jende guztia ez dagoela kale gorrian: “Badaude beren erasotzaileekin bizi diren emakumeak, edota baldintza oso gogorretan bizi diren pertsonak; horiek ere bazterketa egoeran daude”.

Elkarrizketa osorik hamaika.eus-en.