GUREAN GAUR

Patronala interpelatu du LAB sindikatuak, Zaintza sektoreko baldintzak duintzeko premia salatuz

LAB sindikatuak mobilizazio bana egin du Bilbon eta Iruñean, patronala zaintzaren negozioarekin aberasten dela eta horrenbestez, indarkeria ekonomikoa sustatu eta erreproduzitzen duela salatzako. Horren aurrean, langile guztien bizi-baldintzak hobetu eta zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioa izan dute aldarri Confebasken eta CENen egoitzen aurrean bildutakoek.

Mobilizazioaren baitan, Bilboko hitzorduan LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Idazkaritza Feministako arduradun Maddi Isasik egin dituzte adierazpenak.

Gogorarazi dutenez, gaur egun zaintza zerbitzu gehienak pribatizatuta eta enpresa gutxi batzuen esku daude, eta horiek, gainera, diru publikoa jasotzen dute. Hala, administrazioaren babesa daukate langileen, erabiltzaileen nahiz familien kontura aberasten jarraitzeko.
Sindikatuak azaldu duenez, patronalaren negozioa zaintza sektoretik haratago doa, besteak beste, emakumeek zaintzarako hartzen dituzten lanaldi murrizketekin edota kontziliazio neurriekin ere aberastuz.

Horren guztiaren aurrean, zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar dela argi utzi du LABek, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eskatuz. Bestalde, enpleguaren berrantolaketa osoa aldarrikatu du Arroyok, lanaldia murriztea beharrezkoa dela azalduz.