GUREAN GAUR

Mirian Lopez, Otxantegi Herri Lurra dinamika: “Otxantegiko desalojoa geldiaraztea lortu dugu”

Mirian Lopez Otxantegi Herri Lurra dinamikako kideak nabarmendu du lortu dutela geldiaraztea Otxantegiko herri lurretako etxearen desalojoa. Gaur goizean gosaria antolatu dute, eta bertaratu den jendeari esker, bertaratutako agenteek ez dute desalojoa burutu.

Lopezek nabarmendu du Otxantegin jarraituko dutela hurrengo egunetan ere: “Otxantegiri bizia ematen, tailerrak egiten edota lurra ekoizten jarraituko dugu, eta itxaron egin beharko dugu hurrengo hustutze datara arte”. Salatu du “urbanismo proiektu basatia” bultzatu dutela lur horietan, baina proiektu horrek ez dietela herritarren etxebizitza beharrei erantzuten: “Eraikuntza enpresak dio etxebizitzak behar direla, baina etxebizitzak egon badaude; arazoa da ez daudela sozilizatuta. Krisi ekologiko hau jasaten ari garen garai hauetan, ekozidioa da horrelako etxeak eraikitzea gutxi batzuen mesederako”. Gehitu du proiektu horren helburua “lur jabeen eta eraikuntza enpresen diru interesak” direla.