GUREAN GAUR

Jokin Bergara, ‘Adaxka Lehorrak’: “Borrokarako eta antolatzeko aldarria dago"

Jokin Bergara ‘Adaxka Lehorrak’ (Txalaparta, 2023) liburuaren egilearekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, krisi ekologiko eta sozialari buruzko liburuxka bat da: “Liburuaren helburua da irakurlea kokatzea non gauden, zeintzuk diren Euskal Herrian zabaltzen ari diren tentsio nagusiak eraldaketa sozialaren ikuspegitik, edota zer egin dezakegun edo nola birpentsa dezakegun erronka ekosoziala XXI. mendean”.

Bergararen hitzetan, klima larrialdiaz hitz egitean askotan zabaltzen da angustia edo beldurra herritarren artean, eta liburuaren bidez, egoera alda daitekeela aldarrikatu du: “Gizarte eredu bat da krisi larrialdi honetara ekarri gaituena, beraz, gizarte eredua eraldatzen badugu, posible da klima larrialdia geldiaraztea edota biodibertsitatearen galera ez sakontzea gehiago. Egiten dugunaren araberakoa izango da etorkizuna, eta zentzu horretan, borrokarako eta antolatzeko aldarria dago liburuan”, azaldu du.