Gasteizko hiri-autobusetan izan den 2024ko lehen lanuzte partzialak gidarien "erabateko jarraipena" lortu du, enpresa-batzordearen arabera, %100ekoa, baina Udalak %73ra jaitsi du zifra hori. Enpresa batzordeak jakitera eman duenez, lanuzte horretan gutxieneko zerbitzuak bakarrik ibili dira, hau da, lanegun batean programatutako autobusen %30, zehazki.
Azken mobilizazioa lanuzte sorta baten lehena izan da. Izan ere, hilabete osoan geldialdiak deitu dituzte astelehenero, asteazkenero eta ostiralero, 05:00etatik 09:00etara akordiorik lortu ezean. Tuvisako zuzendaritzak eta batzordeak akordioa lortzeko borondatea agertu dute berriki, eta, ildo horretan, Udalak sindikatuei proposamen berri bat helarazi die. Sindikatuko ordezkariek jakitera eman dutenez, lehen begiratuan "eskasa" iruditu zaie udalak luzatutako proposamena, baina datozen orduetan hartuko dute erabaki bat Tuvisakoek.