GUREAN GAUR

Urruñako herriko etxeak bere aurreneko euskara plana aurkeztu du

2024-2028rako euskara plana aho batez bozkatua izan da kontseiluan. Herriko etxe bezala euskara biziarazteko eta eremu publikoan behar duen tokia hartzeko konpromisoa hartu dute. Hiru helburu nagusi finkatu dira: Herritarren aldekotasuna, transmisioa bermatzea eta erabilera guneak garatzea.

Halaber, zortzi ardatzen araberako ekintzak plantan ezarriko dituztela azaldu dute: zerbitzuen euskarazko eskaintza egituratzea erabilera plan baten bidez; transmisioan eragitea lehen haurtzaroan, irakaskuntzan zein aisian esku hartuz; eragile pribatuak euskarara hurbiltzea; erabilera soziala sustatzea; sentiberatzea lantzea; arnasguneak eskaintzea; saretzea, besteak beste, mugaz gaindiko elkarlanekin; eta, azkenik, mutualizazioa.