GUREAN GAUR

Mexikok Ekuadorrekin harremana etetea erabaki du, Vero Satrustegik azaldu digu bertako egoera

Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quitoko enbaxadan Glas presidenteorde ohia atxilotzeko polizia-operatiboaren ostean. Ekuadorreko polizia talde bat Mexikok Quiton duen enbaxadan sartu zen ostiral gauean, eta Jorge Glas presidenteorde ohia harrapatu zuen. Glas, 2013 eta 2018 artean Ekuadorreko presidenteorde izan zena, ustelkeriagatik zigortu zuen Ekuadorko justiziak, eta abendutik Mexikoko enbaxadan babestuta zegoen. Erasoaren ondoren, Mexikoko presidenteak, Obradorrek, Ekuadorrekiko harreman diplomatikoak etetea agindu zuen.

Alicia Barcena Mexikoko kantzilerraren arabera, enbaxadako langile batzuei eraso egin zieten. Ekuadorko presidentetzaren komunikatu batek Glas atxilotu zutela baieztatu zuen eta presidenteorde ohia "agintari eskudunen aginduetara" jarri zutela zehaztu zuen. Gainera, Mexikoko enbaxadari "immunitateez eta pribilegioez abusatu izana" leporatu zion testu ofizialak, eta Glasi emandako asilo diplomatikoa "esparru juridiko konbentzionalaren aurkakoa" zela salatu zuen.

"Ekuador herrialde subiranoa da, eta ez dugu onartuko delitugile bakar bat ere zigorgabetasunean geratzea", dio komunikatuak. Mexikok Quiton duen enbaxadaren aurkako erasoa Lopez Obradorren gobernuak Jorge Glasi asilo politikoa eman ziola jakinarazi eta ordu batzuetara gertatu zen.