GUREAN GAUR

Datozen egunetarako kultur proposamenak Irati Agirreazkuenagaren eskutik

Irati Agirreazkuenaga kultur adituak datozen egunetako kultur jardunaldiak errepasatu ditu. Apirilaren 23an Liburuaren Eguna ospatzen da eta Donostia Kulturak, liburu denden elkartearekin batera, azoka eta egitarau zabala antolatu du Gipuzkoa plazan. Horrez gain, Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute apirilaren 19tik maiatzaren 2ra arte Donostian. Bertsozaleei gozatzeko eta gogoeta egiteko lau saio antolatu dituzte. Orain dela bi urte jarri zuten abian Bilintxen Menda Donostia Kulturak eta Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak.

'Emakume Zamaketariak' erakusketa ere aipatu digu Agierreazkuenagak. Izan ere, Bizkaiko portuetan mendeetan zehar salgaiak mugitu zituzten emakume zamaketarien lanbidea ikustarazteko erakusketa aurkeztuko dute. Maiatzaren 24ra bitarte Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan izango da ikusgai Amaia Apraiz eta Maria Romano ikertzaileek lanbide honen inguruan egindako lana. Bukatzeko, azaldu digu asteburu honetan bukatzen direla Bilboko Pabiloi 6ko antzerki laburreko jardunaldiak.