GUREAN GAUR

Osakidetza aurrekontu eztabaidatik kanpo utziko du EH Bilduk, Gobernuari “oxigenoa” emateko

Giro onean burutu da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren eta Euskal Herria Bilduko bozeramaile Pello Otxandianoren arteko bilera. Hala esan du Otxandianok berak ordu bat eta 40 minutu inguru luzatu den bilera bukatzerakoan. Pradalesek oposizioko taldeekin egiten ari duen errondako bilerarik luzeena izan da. Osakidetzari dagokionez, EH Bilduk honen inguruko neurriak udazkenean burutuko den aurrekontuei buruzko eztabaidatik kanpo utziko dituela iragarri du Otxandianok. Eusko Jaurlaritza berriak hartu duen ildoa balioesteko keinua dela baieztatu du.

Autogobernuari buruz ere hitz egin dute. Bion arteko sintonia ona izan dela baieztatu du Otxandianok eta konfiantza esparru bat eraikitzeko gonbita luzatu dio Pradalesi.