Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak ostiral honetan azaldu duenez, Puigdemont Waterlooko egoitzara itzuli da. Bartzelonako Garaipen Arkuan azaldu da ostegun honetan ongi-etorri ekitaldi baten erbestean zazpi urtez egon ostean.
Turullek RAC1 irratian egindako adierazpenetan esan duenez, Puigdemont asteartean iritsi zen. Gauean Bartzelonan egin zuen lo eta asteazken osoa “leku batean baino gehiagotan" ezkutatuta igaro zuen.
Ez zen inbestidura saiora joaten saiatu Parlamentuaren perimetroan atxilotua izateko arriskua zeukalako. Bartzelonan hitzaldi laburra egin zuen unetik ez da egon presidente ohiaren berririk. Turullek eta Gonzalo Boye abokatuak baieztatu dute presidente ohia Espainiako Estatutik kanpo dagoela jada.
Aldi berean, bi mosso atxilotu dituzte Puigdemonti ihes egiten laguntzea egotzita, horietako bat aske utzi dute jada. Kataluniako Barne kontseilariak "jarrera desegokia" edukitzea egotzi dio Puigdemonti. Bestalde, Mossoen buruak ukatu egin du presidente ohiaren gertukoekin akordioa egin zutenik: "Guk ez dugu ezertxo ere adostu".