Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dagoen enpresak, lehen aldiz, misio espazial bat betetzea lortu du. Komunikazioa larunbatean lortu zuten, eguerdiko 12:42ean, satelitea Euskal Herritik igarotzen zelarik. LUR-1 satelitea pasa den ostiralean jaurti zen Space X enpresak eraikitako Falcon 9 suzirian. Jaurtialdia 20:56ean egin zen Kaliforniako Vanderberg basean. 22:00ak inguruan, suziriak aurreikusitako altuera lortu zuen eta euskal satelitea bertatik banandu zen, 7 km segunduko abiadurarekin orbitan jarriz.
Honela, sateliteak lehendabiziko itzuli osoa egin zion lurrari ia 90 minututan. 5 urteko balio-bizitza dauka LUR-1 sateliteak. Epe horretan Lurraren erresoluzio handiko irudiak hartuko ditu, Euskal Herriaren geografian fokua jarrita. Itsasertzaren eraldaketa aztertzea, izurriteak eta ibaiak kontrolatzea edo laborantzen banaketa kudeatzea dira, besteak beste, satelitearen helburuak. 5 urteko epea amaituta bere orbita espazialetik harrapatuko da, ondoren atmosferara berriz sartuko da, bertan desintegratuz.