Arabako hainbat plataformek manifestazioa deitu dute urriaren 26rako Gasteizen, "Araba ez dago salgai" lelopean. Deialdia Arabako gizarte osoari zuzenduta dago, "lurraldea mehatxatzen duten makroproiektuen aurka daudela erakusteko" helburuarekin. Natur eragileen arabera, azken hilabeteetan Araban " makroproiektu fotovoltaiko eta eoliko zenbaezinak" aurkeztu dira, "trantsizio energetikoa", "etorkizuneko aurrerapenak" eta "lurralde-industrializazioa" aitzakiatzat hartuta, "korporazio handiek landa lurraren kontura negozioa egitea" bilatzen dutenak.
"Lurraldearekiko mehatxu" horren aurrean, gizartea mobilizatzea eskatu dute plataformek. Horrela, makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoen kontra kalera aterako dira berriro ere. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Gasteizko Bilbo Plazan, erakundeei eta arduradun politikoei erakusteko "gizartearen gehiengoak lurraldea, herriak eta landa-inguruneko bizimodua defendatzen duela".