Errektore berria aukeratzeko hauteskundeak egin dira Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakasleak, ikasleak eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak izan dira deituak botoa ematera, guztira, 50.590 lagun. Joxerramon Bengoetxearen hautagaitza gailendu zaio Eva Ferreiraren hautagaitzari, emaitza hau izanik: Bengoetxeak % 63,63 eta Ferreirak % 36,37.
Agintaldia, lehenengo aldiz, sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez berritu, hala ezartzen baitu martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak, Unibertsitate Sistemari buruzkoak.
Parte hartzea historikoki baxua izan ohi da EHUko hauteskundeetan. Botoa eman zezaketenen %21,9 joan dira hautestontzietara; azken hauteskundeetan, %7,7koa izan zen parte hartzea. Parte hartzerik handiena lotura iraunkorra duten irakasle doktorek izan dute: %83k eman dute botoa. Bada nabarmentzeko alderdirik: esaterako, bereziki igo da ikasleen parte hartzea: %2,1ekoa izan zen azken bozetan; orain, %14koa izan da.
Inpugnazioak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Inpugnaziorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.