GUREAN GAUR

Euskal Herriko haur eta nerabeei “xaxatzaile” izateko deia egin die Euskaraldiak

Ikastetxe eta bestelako zentroetan Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak aurkeztu dituzte. Ikastolen Elkarteak, Euskaraldiko lantaldearekin batera, osatu du proposamena. Hala, euskararen erabileran jauzi bat egiteko proposamena eramango dute ikasleek etxeetara, gurasoen eta inguruko helduen “xaxatzaile” izanda. Material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, Euskaraldiaren berri emanez, gazteek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.

Proposamen didaktiko hauek Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira eta modu erosoan topatuko dituzte Euskaraldiko webgunean.

Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurtengo Euskaraldia. Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak; eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die.