Kursaalean egindako agerraldian Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak garatzea. Torturaren errealitatea itzaletik argira ofizialki ateratzeko, torturaren hamarkadetako ukazioa behingoz amaitzeko. Halaber, erantzukizun publikoak hartzeko ordua ere badela adierazi dute. Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretik harago, torturaren aplikazioan epaileek parte hartu baitute, mediku forentseek, hedabideek, hainbat indar politikok... Eta erantzukizun hori publikoki onartzea ezinbestekotzat jotzen dute torturatuen aitortza eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko.
Azpimarratu dute torturaren errealitatea bere osotasunean jaso behar dela; haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutarazi behar direla, baita begirada feministatik landu ere. Eskubideen urraketa larri horrek gure lurraldean izan dituen ondorioak ezagutarazteko, eta erakunde publikoen bidez erreparaziorako mekanismo integralak eraiki ahal izateko.