GUREAN GAUR

Espainiako Estatuko hizkuntza politiken "inboluzioa" salatu dute Nazio Batuetan

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Genevako egoitzan izan da astearte honetan Euskalgintzaren Kontseilua, Galiziako A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Plataforma per la Llengua eta Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarea - ELEN erakundeekin batera, espainiar Estatuko hizkuntz eskubideen egoeraren inguruko txostena aurkezten.

Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak espainiar Estatuan giza eskubideen arloa ebaluatuko duela baliatuz, Kontseilu horri aurkezturiko txostena eta euskararen, galizieraren eta katalanaren egoeraren azalpenak eman dituzte, gabeziak eta eskubide urraketak gainditzeko proposamenak eginez.

Eragileek baieztatu dutenez, hizkuntz eskubideen alorrean “inboluzio bat” gertatzen ari da. Globalizazioak eragina izan badezake ere, espainiar Estatuaren baitan azken urteetan hizkuntz politiketan emandako atzerapausoak eta murrizketak nabarmendu dituzte kezka iturri nagusi gisa. Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak eskatu du abiaraz dadila euskararen normalizazio prozesua desblokeatzeko arkitektura juridikoa eta buka dadila Nafarroako zonifikazioa.