Salhaketa Nafarroak Iruñeko makrokartzelako bizi-baldintzei buruzko bere azken ikerketaren berri eman du Nafarroako Parlamentuan. Bertan, torturak eta tratu umiliagarriak eta iraingarriak jasan dituztela dioten presoen testigantzak jasotzen dira.
Azaldu dute, 2012. urtean kartzela zabaldu zenetik, izugarri igo dela preso kopurua Iruñean. 2024ko abenduko datuen arabera, 414 preso daude Iruñeko espetxean. Horietatik %94,4 gizonak dira eta % 5,6 emakumeak. Horiez gain, Nafarroako 246 herritar daude Espainiako Estatuko beste kartzela batzuetan. Gehienak, Logroñon eta Zueran. %74,4 bigarren graduan daude, eta beraz, ezin dira atera kartzelaren eremutik. %17,19 daude hirugarren graduan edo erregimen irekian. Gaineratu dute Iruñeko kartzela hamabost modulurekin zabaldu zutela, baina, gaur egun, sei baino ez dituztela zabalik eta beraz, presoak pilatuta dauzkatela eremu handi bat hutsik daukaten arren,
Beste hainbat arazo ere antzeman ditu Salhaketak. Nabarmendu dute gabeziak daudela elikadurari eta higieneari dagokienez. Azpimarratu dute dieta bereziak falta direla bereziki diabetesa edo bestelako gaitzak dituztenentzat.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak espetxe osasunaren eskuduntza bere gain hartu zuenetik, osasun mentalari eskainitako arretak hobera egin dutela adierazi dute. Salhaketa Elkarteak espetxe eskumena bere gain hartzearen alde egiten du, presoen giza eskubideak errespetatzeko positiboa izango dela uste baitu. Alderdi guztiak espetxeen eskumena bere gain hartzearen alde agertu dira, UPN izan ezik. Voxeko eta PPko ordezkariak ez dira egon.