GUREAN GAUR

125.000 sinadura lortu ditu Pentsiodunen Mugimenduak euren herri ekimen legegilerako

125.000 sinadura lortu ditu Pentsiodunen Mugimenduak euren herri ekimen legegilerako. Sinadurekin lortu nahi dutena gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzea da. Urtearen hasieran ekin zioten hauek biltzeari eta maiatzaren 15ean eramango dituzte Eusko Legebiltzarrera.

Asteburuan, “sinadura eguna” delakoa egin zuten, hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat txokotan sinadurak biltzeko mahaiak jarri zituzten. Sindikatuek, gizarte erakundeek, emakume eta gazteen kolektiboek ere euren babesa helarazi diote ekimenari, pentsiodunen mugimenduaren iritziz, zenbat eta sinadura gehiago izan orduan eta aukera handiagoa izango dute Eusko Legebiltzarrak proposamena kontuan hartzeko.

Inoizko sinadura kopururik handiena lortu nahi dute, izan ere, iaz aurkeztu zuten lege ekimena eztabaidatzeko gutxienez 10.000 sinadura behar zituzten. Pentsiodunen mugimenduak jakinarazi duenez, aspaldi gainditu zuten kopuru hori baina azken momentura arte lanean jarraituko dute. Adierazi dutenez, orain arte Legebiltzarrean aurkeztu diren herri ekimen legegilerik ez du horrelako sinadura kopururik lortu.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi du, pentsiodunen herenek gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituztela, eta gainera, horien artean %70a emakumeak direla. Ekimenak, 65.000 emakume pentsiodunei mesede egingo diela ohartarazi dute.

Maiatzaren 15an sinadurak Legebiltzarrean entregatzearekin batera, prentsaurrekoa, manifestazioa eta ekitaldi bat egingo dute Gasteizen.