Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintzak 19 aldiz erabili ditu foam jaurtigailuak herritarren kontra. Datuak, 2023 hasieratik aurtengo martxora arte zenbatutakoak dira. Jakinarazi dutenez, ia guztietan hauek erabiltzeko aitzakia, pertsonaren bat “menderatzeko” edo “ desordena publikoak” eteteko asmoz izan da. Helarazitako dokumentuan, gutxienez lau pertsonek kolpeak edo lesioak pairatu zituztela adierazi du Jaurlaritzak.
Dokumentuan, foam jaurtigailuen erabilerari dagokionez, bost kasutan futbol partidetan izan zirela adierazi dute, bi Bilbon eta hiru Donostian. Segurtasun Sailaren arabera, bost kasu horietatik lautan ez zen zauriturik izan, hala ere, ezagutzera eman dute, emakume batek salaketa bat ipini zuela foam bala batek buruan jo zuelako. Emakumeak apirilean deklaratu zuen eta abokatuak adierazitakoaren arabera bere lesioak guztiz bateragarriak dira foam jaurtigailu batek eragiten duen inpaktuarekin.
Herritarren mobilizazioetan ere erabili izan ditu jaurtigailu hauek Ertzaintzak, bi kasutan hain zuzen, Gazte Koordinakunde Sozialistak deitutako mobilizazio batean eta pasaden urteko martxoaren 3an. Azken honen harira, txostenean salaketa baten berri eman dute, hain zuzen, emakume batek foam bala batek masailezurrean jo zuela salatu baitu.
Gainerakoak, goizaldean gertatutako gertakarietan edo norbanakoen kontra egindako tiroak izan dira, azaldu dutenez, lau kasutan arazo psikiatrikoak dituzten lagunei tiro egin dio Ertzaintzak hauek menderatzeko xedearekin, eta hirutan, lesioak eragin dizkiete.
Taser pistolak eta eskopeta ere erabili izan dut Ertzaintzak, norbanakoen kontra, azken hiru urte hauetan. Izan ere, txostenaren arabera azken hau da Ertzaintzak gehien erabili ohi duen arma, trafiko istripuetan zauritutako animaliak hil edota bizia arriskuan jartzen duten animaliak hiltzeko.