GUREAN GAUR

Sorzabalen epaia "historikoa" dela nabarmendu dute Egiari Zor-ek eta GEBehatokiak

Sorzabalen auziaren sententziaren edukia baloratzeko agerraldia egin dute larunbat honetan Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, eta Aiert Larrarte Iratxe Sorzabalen abokatuak. Ostegunean Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu du eta torturatua izan zela aitortu zuen. Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egin zuen autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta, beraz, "zuzenbideari begira baliogabea" dela bere burua erruduntzat jo izana, testigantza hori "oinarrizko eskubideak urratuz" lortu zelako.