Hatortxu Rock jaialdiak 24 talde berri iragarri ditu elkartasun jaialdiaren 30. edizioan egongo direnak. Zabaldutakoen artean, Soziedad Alcoholica, Olaia Inziarte, Dinamita eta Herdoil daude. Uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan azkenengoz ospatuko da jaialdia, eta bertan talde berri zein zaharrek bat egingo dute.
Ehunka artista igoko dira jaialdian egongo diren 5 oholtzetara. Aurretik iragarritakoen artean, Bulego, Su ta gar, Zea Mays, Dupla eta Betagarri daude, are gehiago, agertokietara espresuki bueltatutakoak egongo dira ere, esaterako, Autobus Magikoa, Latzen eta Alaitz eta Maider.
Hala, denera 87 talde batuko dira Lakuntzan euskal presoen aldeko garrasian. Azken edizioa izango denez, antolatzaileek jaialdiak dimentsio historikoa izatea aurreikusten dute, beraz, auzolanerako kanpaina berezia hasi dute, eta webgunearen bitartez izena emateko deia zabaldu dute.
Hatortxu Rock errepresaliatu politikorik gabeko Euskal Herria amesten dutenen jaialdia dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta, edizio guztietan zehar maitasun eta elkartasun doinuak izan direla. Hala ere, jaialdiak bere bidea amaitu behar duela, belaunaldi berriek nota berriak jo ditzaten.