GUREAN GAUR

EH Bilduk euskara enplegu publikorako sarbidean nahitaezkoa izatea proposatu du

EH Bilduk EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Horrela, funtzio publikorako sarbidean jauzi kualitatiboa egingo dela adierazi du alderdiak, administrazioak egiten dituen deialdietan euskarak duen pisua handitzeko eta hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko.

Beraz, Legea aldatzeak enplegu publikorako sarbidean, nahitaez bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ezagutzea ekarriko duela azaldu du Pello Otxandianok Naiz Irratian egindako elkarrizketa batean.

Kasuan kasu, administrazio publikoek salbuespenak egiteko aukera izatea aurreikusten du EH Bilduk. Azaldu dutenez, administrazioak idatziz arrazoitu beharko du zein kasutan salbuetsiko den euskara jakiteko betebeharra. Gaineratu dute, aurkeztutako lege proposamenean langile erdaldunei trebakuntza plan pertsonalizatuak eta ikaskuntzarako liberazioak eskaintzea jasota dagoela.

Lege erreforma, EH Bilduren esanetan, lehen urratsa baino ez da hizkuntza politika berri baterako bidean. Hurrengo urratsen abiapuntuak eman dituzte ere, batetik, adostasun soziopolitiko bat behar dela hizkuntza politika berri batean inguruan eta bestetik, araubide berri bat beharrezkoa dela hizkuntza politika horri segurtasun juridikoa emateko.