GUREAN GAUR

SF78 Gogoan eta Martxoak 3 taldeek Espainiako Estatuari biktimen aitortza ofiziala eskatu diote

Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan taldeek justizia eskatu dute 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko Sanferminetan Iruñean izandako biktimentzat, eta Espainiako Estatuari exijitu diote bere erantzukizun zuzena onar dezan.

Bi elkarteek adierazi dutenez, biktimen aitorpena ezinbestekoa bada ere, benetako justizia, egia, ordaina eta ez errepikatzeko bermeak ere beharrezkoak dira. Espainiako Gobernuari dei egin diote zigorgabetasunarekin amaitzeko eta giza eskubideen urraketen aurrean ardura instituzionala hartzeko. 

Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legea baliatuta, Tarragonan, Basaurin, Donostian eta beste hainbat tokitan gertatutako hilketak ere barne hartu dituzte eskaerek. Lege horrek errepresioa jasan zutenen memoria eta erreparazio morala jasotzen ditu, eta haren bidez dagoeneko 40 aitortza-eskari izapidetu dituzte. Elkarte memorialistetako kideek nabarmendu dute, hala ere, askoz gehiago direla Espainiako segurtasun indarrek urte horietan hildakoak, zaurituak eta torturatuak.