Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna dela eta, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak (OMCT) Torturari buruzko Indize Globala argitaratu du. 26 herrialdetako egoera aztertu dute. Bahrainek, Bielorrusiak, El Salvadorrek, Etiopiak, Libiak eta Errusiak dituzte “arrisku-maila handienak”. Espainiako Estatuari dagokionez, “arrisku maila ertainarekin” kalifikatu dute, 2023ko eta 2024ko datuetan oinarrituta. Adierazten denez, Espainian tratu txarrak “ez dira sistematikoak, baina noizean behin baino gehiago gertatzen dira, bereziki etorkin irregularrak edo talde ideologiko espezifikoetako aktibistak atxilotzen direnean, hala nola anarkistak, independentistak edo ekologistak”.