Txiki eta Otaegiren Zarauzko olana berreskuratu dute herritarrek eta argazki jendetsua egin dute Azken Portun, Txikiren auzoan.
Abuztuaren 8ko goizaldean hainbat ekintzailek Txiki eta Otaegiren aurpegiak, ikurrina bat eta 1975-2025 urteak aipatzen zituen olana bat eskegi zuten Zarauzko Santa Barbarako horman haien oroimenez. Olanak ez zuen 24 ordu ere iraun bertan, Zarauzko EAJ eta PSEren gobernuak kentzeko agindu zuelako, ingurumena babesteko aitzakian, landa eremuan halako pankartarik ezin dela jarri argudiatuta.
Txiki eta Otaegiren oroimenarekin agertu duten jarrera salatu du Sortuk.Adierazi dute iraingarria dela frankismoaren bi biktimaren oroimenak mina eragiten duela esatea eta ekintza hauekin argi uzten dutela beste behin lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela.
Txiki eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela azpimarratu dute. Sorturen ustez, 50 urte beranduago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko eta Euskal Herriari dagozkion eskubideak aitortzeko.
Irailaren 27an 50 urte beteko dira frankismoak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Sortuk dei egiten du egun horretan Iruñeko Anaitasunan ospatuko duen nazio ekitaldian parte hartzera.