Maderas de Llodio enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute ostegun honetan. Mobilizazioak goizeko bostetan hasi dira, lantegiaren kanpoaldean egindako elkarretaratze batekin. Sindikatuek jakinarazi dutenez, grebaren jarraipena “erabatekoa” izan da eta ez da langilerik fabrikan sartu. Arratsaldean manifestazioa egin dute SOS Aiaraldea plataformarekin eta horren amaieran beharginek jakinarazi dute datorren astelehenetik aurrera greba mugagabea abiatuko dutela, enpresak egin nagi dituen 39 kaleratzeen aurka.
Protestek herritarren eta eskualdeko beste enpresa batzuetako langileen babesa jaso dute. Esaterako, mobilizazioan langileen seme-alabek kartel propioak eraman dituzte, eskualdeak pairatzen duen desindustrializazioa salatuz. Bestalde, beharginen ordezkariak azpimarratu du enpresaren asmoa “deslokalizazio argia” dela, eta ohartarazi du horrek lantegiaren behin betiko itxiera eragingo lukeela.