GUREAN GAUR

Gaur uretaratuko dute XVI. mendeko 'San Juan' ontziaren erreplika

Nazioarteko itsas ondarearentzat mugarria izango da XVI. Mendeko San Juan ontziaren erreplikaren uretaratzea. Baleontzia 1978an aurkitu zuten Kanadan, eta Selma Huxley historialariak eta Robert Gernierrek zuzendutako Parks Canada Urpeko Arkeologia Zerbitzuak egindako ikerketaren ondoren, National Geograhik aldizkariaren azalean azaldu zen 1985ean. Xabier Agote proiektuaren arduradunak nabarmendu du bizitza aldatu zitzaiola orduan, eta ordutik, erabat galdutako unibertso oso bat berreskuratzeko lanean aritu da hainbat eta hainbat langile eta boluntariorekin batera.

Ontziak 27 m ditu puntatik puntara eta 7,5 metro ditu zabaleran n zamaontzi transozeanikoak; gehienezko 11 metroko altuera du. Aingurak, mastak, bergak eta belak eraiki behar dituzte eta udaberrian ekarriko dute berriro Albaolara herritarrek barrutik ikus dezaten. Erreplika guztiz amaitutakoan, 2027an, Kanadara abiatzea da asmoa, garai hartako euskal baleazaleek egiten zituzten bidaiak sinbolizatuz. Euskaldunek Ipar Ameriketako lehen jarduera industriala sortu zutela adierazi du Agotek, eta itsas memoria berreskuratzen eta garai hartako balioak errekuperatzeko bide eman duela San Juanak.

San Juan ontziaren uretaratzea Hamaikan ikusi ahal izango duzue zuzenean 15:30etik aurrera. Ekitaldi instituzionala izango da lehenengo, eta 17:00etan izango da hitzordu garrantzitsua. Orduan, errailetatik barrena poliki-poliki jaitsiko da ontzia, karrotik askatu eta Pasaiako uretan nabigatzen duten arte.