Lan Ikuskaritzak zehapen “oso larria” ezarri dio Gasteizko Udalari, bertako lorezainen grebarako eskubidea urratzeagatik. Legearen arabera, zehapena 7.501 eta 225.018 euro bitartekoa izan daiteke.
ESK eta LAB sindikatuek eman dute horren berri aurreko astean egindako prentsaurrekoan. Salatu dutenez, udalak ez zuen “grebarako oinarrizko eskubidea bete”. Izan ere, Olarizu egunaren bezperan, traktore bat belarra zapaltzen ibili zen, udaltzainek lagunduta. Grebalariek euren lanpostuak ordezten ari zirela salatu zuten, eta, horrenbestez, ikuskatzaile batek “traktorearen jarduera geldiarazteko” agindu zuen.
