Ainhoa Lainsa

Euskal Herriko unibertsitateak, euskararen indargune

Gaur, abenduak 3, euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateek euskara mailan duten garrantzia gogorarazi dute. Euskara ikasgela eta ikerguneetara iristea posible egin duten pertsonen, gurasoren, euskaltegien, eragile sozio-kulturalen eta erakunde nahiz herri mugimenduen hezkuntza-sistema euskalduntzeko egindako lanak nabarmendu dituzte ere: Haien ahaleginari esker, azken mende erdian ehunka mila hiztun berri sortu dira.

Euskal komunitateak mendeetan zehar erronka ugari gainditu ditu, eta gaur argitaratutako adierazpenean gogorarazi dute euskarak errepresioaren, zentsuraren, gutxiespenaren eta debekuen gainetik izandako sendotasuna, besteak beste. Hori guztia kontuan hartuta, unibertsitateek adierazi dute euskarak “bere lekua irabazi duela akademian eta zientzian”.
Argi utzi dute unibertsitateak funtsezko eragile aktibo direla euskarazko gaitasun handiko eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa duten profesionalak prestatzeko. Unibertsitateetako kolektibo guztietan euskaldunen portzentajea gizartean baino handiagoa da, eta unibertsitateak dira eremu soziolinguistiko ezberdinetako euskaldunen elkargune naturalak.

Unibertsitateek adierazi dute garrantzitsua dela kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei harrera linguistiko egokia eskaintzea, gure gizartean eta unibertsitatean euskarak duen garrantzia helarazteko. Komunitate osoa animatu dute euskara esparru guztietan garatzera, lantzera eta eguneroko erabileran txertatzera. Horregatik dei egin dute unibertsitateak euskararen benetako indargune bihurtzeko.