Ehundaka herritar gerturatu dira igande honetan Bilbora, aurtengo Ibilaldia ospatzera. Kirikiño ikastolak izan du aurten festa hau antolatzearen ardura eta, eguraldia lagun, giro ederraz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek Santutxu eta Txurdinagan irekitako hiru guneetan.
Hasierako ekitaldiak hasi du eguneko martxa, ikastolan bertan. Hantxe izan dira ordezkari instituzionalak, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua edota Juan Mari Aburto Bilboko alkatea kasu. Bai eta EH Bildu eta EAJko beste hainbat ordezkari eta herrigintza eta euskalgintzakoak ere. Haien aurrean, “komunitate oso baten elkarlana” aldarrikatu du Haizea Etxebeste Kirikiñoko zuzendariak eta eskerrak eman dizkie duela mende erdi proiektua abian jarri zutenei.
Zentzu horretan, urteetan zehar guraso eta irakasleek, Kirikiño ikastolan eta beste hainbat esparrutan, euskararen alde eginiko lana ere azpimarratu nahi izan du Pedrosa sailburuak.Ikastolako ikasleek ere parte hartu dute, abestuz eta dantza ikuskizunak eskainiz. Ekitaldiari amaiera emateko, Kirikiñoko kideek lekukoa pasa diete Santurtziko Bihotz-gazteako ordezkariei, eurek antolatuko dute eta 2027ko Bizkaiko ikastolen jaia.
Hortik aurrera, jai giroa izan da nagusi Ibilaldiko guneetan. Haurrek jolasez, musikaz eta Tor Magoaz gozatzeko aukera izan dute ikastolako patioetan; Europa Parkera gerturatu direnek erromeriekin dantza egin eta herri kirolak ikusi ahal iizan dituzte; Txurdinagako kiroldegia, berriz, gaztetxoentzako abentura ekintzen eta kontzertu ugariren eszenatokia izan da.