HAMAIKA

Merkatal gune handien aurkako elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxean

Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doazela aldarrikatu dute, Lurralde Plan Sektorialaren berriztapena eta anpliazioetarako lizentzia emateak gelditzeko eskatuz. Eremu hauek ingurugiroarentzat eta merkatari txikientzat kaltegarriak direla salatu dute.


2015ean, Auzitegi Gorenak EAEko Ekipamendu komertzial handiak erregulatzen zituen Lurralde Plan Sektoriala bertan behera utzi zuen. Plan honek merkatal gune berrien eraikuntzari limiteak jartzen zizkion, baina Europako konpetentzia librearen aurka zihoala argudiatuz, ezerezean geratu zen. Ingurugiroa, urbanismoa edo kontsumitzaileen defentsa bezalako interes orokorrak jokoan daudenean merkatal gune berrien eraikuntzari eta anpliazioari limiteak jartzea zilegi dela adierazi dute Auzitegi Gorenak eta Europar Batasunak.

Horregatik, merkataritza ekipamendu handiak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren berriztapena eta anpliazioetarako lizentzia emateak gelditzea eskatu dute bizilagunek. Hiriko antolamenduko plangintza orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko ingurumenak jasan ditzaken eraginak ez ezik, plangintza berriaren inpaktu sozioekonomikoa aztertzen duten azterketa berrituak nahitaezkoak izatea aldarrikatu dute elkarretaratzean.

Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doazela eta gehiago egitea ingurugiroarentzat oso kaltegarria izango dela azaldu dute. Planifikatuta dauden merkataritza eremu berriek, beteta dauden lur sailen bikoitza suposatzen dutela eta merkatari txikien eta handien arteko oreka guztiz apurtuko dela salatu dute. Bittor Lizarribar, Euskaldendak konfederazioko presidenteak, merkataritzarentzat eta gizartearentzat egoera larria dela salatu du.

Horrelako kasuetan etekinak lortzen dituen bakarra udaletxea dela ere argitu du Lizarribarrek. Donostiako udaletxean egindako elkarretaratzean, udalean ordezkaritza duten taldeei dei egin diote, martxan jarriko diren anpliazioekin zentzudun jokatu dezaten. Udal Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari herritarren hitza entzuteko eta gizarteak nahi duena kontuan izateko ere eskatu diote.