25 NOV. 2020 - 13:50h Isa Gonzalez: "Aurrekontu hauek gizarte eredua eraldatzeko lehen urratsa dira" Este navegador no soporta el elemento video. Hamaika admin Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza koalizioko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna hizpide izan du Gonzalezek: "Gaur kalera atera behar dugu, eta deia egiten diegu emakumeei zein gizonei mobilizazioetan parte hartzeko". Albiste "ontzat" jo du alderdi desberdinak aurrekontuak negoziatzeko adostasunak lortzea, eta aurrekontu hauek ezinbestekotzat jo ditu pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko. EAJk izan duen jarreraz galdetuta, adierazi du uste duela EAJ "minduta" dagoela Madrilgo Gobernuan daudelako: "Bakoitzak nahi duenarekin negozia dezake". ERCren jarrera ere izan du hizpide, eta nabarmendu du giltza ez dagoela ERCren eskuetan, "aurrekontuen edukietan" baizik; era berean, gehitu du Kataluniarentzat ere "onak" direla aurrekontu hauek. Nabarmendu du gizarte eredua "eraldatzeko" lehen urratsa direla aurrekontu horiek: "Justizia sozialaren aurrekontuak dira, benetako berdintasunarenak, trantsizio ekologikoarenak, hezkuntza eta osasun publikoarenak...", adierazi du. Espainiako Gobernuaren Hezkuntza Legeari dagokionez, legebiltzarkideak adierazi du eskumak "aitzakia" gisa erabili duela ezkerreko gobernuari, eta "bereziki", Podemosi "kalte egiteko". Zentzu horretan, eskumaren jarrera gezurretan oinarritzen dela nabarmendu du. Era berean, hezkuntza publikoa indartu behar dela adierazi du: "Hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko desoreka legearekin orekatu behar da, eta hor jarri behar ditugu indarrak". Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei buruz galdetuta, hitz egiteko prest daudela adierazi du, baina oraindik ez dutela zirriborrorik jaso. Trantsizio ekologikoa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du Euskal Herrian aldaketa klimatikoari buruz "marketing asko" egiten ari dira EAJ eta PSE-EE, baina "beren ekintzetan ez dela hori islatzen".