HAMAIKA

Jokin Bildarratz: "Momentu honetan gelen %1,46a soilik dago itxita"

Este navegador no soporta el elemento video.


Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiak hezkuntzan izan duen eragina aztertu dugu sailburuarekin, eta azpimarratu du momentu honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeen %1,46a soilik dagoela itxita: “Hori ikastetxetako langile eta ikasleen meritua da”, dio.

Bildarratzen iritizz, aurrez aurreko ikaskuntza-irakaskuntza prozesua mantentzea zen beren helburua, eta hori izango da beren erronka hurrengo hilabeteetan. Hezkuntza sistemako hainbat eragileen protestak hizpide hartuta, Bildarratzek nabarmendu du sindikatuekin harremanak mantendu dituztela lehen egunetik: “Elkarrizketa da gure lanerako metodologiarik nagusiena". Zentzu horretan, 1.064 irakasle eta jangela eta jantokietarako 1.150 profesional kontratatu dituztela dio: “ Hor ikusten da zein izan den gure sailaren inplikazioa", adierazi du.

Espainiako Gobernuaren Lomloe legea garrantzitsutzat jo du hori delako "LOMCE gainditzeko" modua, eta adostasunak izan dituztela adierazi du. Azpimarratu du LOMLOerekin "askatasun gehiago" izango dutela beka sistema propioa diseinatu ahal izateko. Hezkuntza sistemako agenteekin "etengabeko" elkarrizketan daudela dio, eta ikusi dute oso garrantzitsua dela irakasleen egonkortasuna: "Horretarako, Estatuaren hainbat lege ganditu behar direla; aztertu behar dugu ea posible den".

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea izan dute hizpide, eta adierazi du lehenengo urratsa izango litzatekeela hezkuntza hitzarmena: “Hezkuntza komunitateko agente guztiekin hitz egin beharra dago". Era berean, hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko eztabaida izan du hizpide: "Uste dut eztabaida hori ez dagoela gizartean, eta zentzu horretan, ez dut uste aldaketa handirik etorriko denik".

Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.