HAMAIKA

Juan Mari Aburto: "UEFArekin lanean jarraitzen dugu Eurocopa Bilbon joka dadin"

Este navegador no soporta el elemento video.


Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiaz galdetu diogu lehenengo, eta nabarmendu du pertsona guztien "konpromisoa eta erantzukizuna" beharrezkoa dela pandemia garaian. Zentzu horretan, LABIk eta Osasun Sailak hartutako osasun neurri guztiak "bete" eta "betearazi" behar dituztela dio, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du polizia. Zentzu horretan, azaldu du 15.000 isun jarri dituztela pandemia garaian. Horretaz gain, txertaketa prozesua aurrera eramateko medikuntza zerbitzuak zein instalazioak eskaini dituztela nabarmendu du.

Pandemiari aurre egiteko neurriak erabaki "gogorrak" direla onartu du, baina beren helburua "beti" birusaren hedapena geldiaraztea izan dela dio. Zentzu horretan, pandemiaren ondorioei aurre egiteko martxan jarritako 'Bilbo Aurrera' plana izan du hizpide, eta nabarmendu du planaren ardatza "kolaborazioa" eta "elkarlana" izan direla: "Alderdi guztiei eman genien gure planaren berri". Gazteez galdetuta, beren ahotsa entzuteko premia azaleratu diotela dio: "Gazteek beren ahotsa entzuteko eskatu digute, eta hori egingo dugu Bilbo Gazte Hiria proiektuan".

Emakumeen eta gizonen berdintasuna beren helburu "nagusiena" dela nabarmendu du, eta era berean, oso garrantzitsutzat jo du auzo, merkatari zein kultur elkarteei "entzutea". Era berean, beren helburua auzoen "irisgarritasuna" lortzea dela azaldu du, eta baita garraio publikoa bultzatzea ere, "hiri kohesionatua" lortzeko "oso garrantzitsua" delako.

Etorkizunean tranbiaren 4. linea egingo dela adierazi du, eta Irala eta Errekalde Bilboko erdiguneagaz lotzeko proiektua garrantzitsua dela nabarmendu du: "Nik hori bultzatuko dut alkate gisa, baina beste erakunde batzuk ere zeresana dute".

Energia berriztagarriak beren "apustua" direla dio, eta alde horretatik jo behar dutela etorkizunean. Era berean, pertsona guztiek energia gutxiago kontsumitu behar dutela dio, eta oso garrantzitsutzat jo du hezkuntza ere: "Ikasle eta gazteak kontzientziatu behar ditugu". Zentzu horretan, Bilbo "humanizatu" behar dutela adierazi du, eta espazio gehiago behar direla pertsonentzat. Bizikletaren erabilera bultzatzea ere garrantzitsua dela dio, eta ahalegin hori egingo dutela adierazi du.

Kultura Bilboko hiriaren protagonista "itzela" dela dio, eta nabarmendu du 'Bilbao Kultura 365 egunetan' dela beren leloa. Zentzu horretan, BBK jaialdiaz edota Aste Nagusiaz galdetuta, nabarmendu du ezin dela jakin zein izango den abuztuko egoera. Hala ere, "zerbait" egingo dutela adierazi du: "Ez dakigu nola, eta zein intentsitaterekin ere, baina ziur nago zerbait egingo dugula Aste Nagusian".

Euskal Herriko Itzulia ospatzeak ilusio "itzela" egiten diola nabarmendu du, eta azpimarratu du bere nahia dela Espainiako Vuelta zein Tourra Bilbora ekartzea. Eurocopaz galdetuta, nabarmendu du lanean jararitzen dutela Bilbon joka dadin.

Elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.