16 MAR. 2021 - 13:39h Miren Basaras: "Txertoak seguruak eta eraginkorrak direla ikusi dute merkaturatu aurretik" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Miren Basaras mikrobiologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lehenik eta behin, AtraZenecaren txertoaren inguruan sortu den polemikaz galdetu diogu, eta nabarmendu du txertoak merkaturatu aurretik entsegu klinikoetan aztertzen direla, eta "seguruak" eta "eraginkorrak" direla. Zentzu horretan, adierazi du 11 pertsonatan ikusi direla kalteak 17 milioi txerto jarri ondoren, eta oso portzentaia "baxua" dela. Zentzu horretan, adierazi du orain aztertu behar dela tronbo horiek txertoek eragin dituzten edo ez. Era berean, nabarmendu du txerto hauekin ere "zainketa" egiten ari direla, eta ikusi dela farmakozainketa horrek "balio" duela. Neurriak arintzeaz eta mugikortasuna zabaltzeari buruz duen iritziaz galdetu diogu, eta nabarmendu du garrantzitsuean segurtasun neurriak betetzen jarraitzea dela. Txertaketa kanpainari dagokionez, azpimarratu du 60tik gorako pertsonak zein bestelako patologiak (loditasuna, diabetesa, biriketako arazoak...) dituztenak ahalik eta arinen txertatu behar direla. Zentzu horretan, ailegatzen diren txerto guztiak jarri beharko liratekeela berretsi du. Era berean, Johnson & Johnson-en txertoari buruz galdetuta, adierazi du ez dela Europara iritsiko apirilaren erdialdera edo bukaera arte, eta ordurako, ezinbestekotzat jo du estrategia bat diseinatzea. Halaber, nabarmendu du txertoek mundu osora ailegatu behar dutela: " Birusak aldaketak izan ditzake, eta horrek gugan eragina izan dezake nahiz eta txertatuta egon", azaldu du. Datozen egun eta hilabeteetako neurriz galdetuta, adierazi du neurriak "berehala" hartu behar direla tendentzia aldaketak ikusten direnean: "Ezin ditugu 15 egun itxaron". Era berean, 0COVID estrategiarantz pausoak eman behar direla dio; horretarako, lehenengo, kasuen jaitsiera "nabarmena" ikusi behar dela dio, eta intzidentzia metatuak 50 kasu 100.000 biztanleko izan behar duela. Horra iritsita, 0Covid estrategiarantz jo behar dela azaldu du. Etorkizuneko erronkez galdetuta, hiru nabarmendu ditu: birusarekin infektatzeko herritarren gorputzetan zenbat birus kantitate sartu behar den jakitea, birusak nola eboluzionatuko duen jakitea, ezagutzea zergatik birusak oso ondorio larriak izaten dituen zenbait pertsonarengan, eta ba al dagoen osagai genetikorik hori eragiten duenik, gaixotasuna kontrola dezaketen botika eraginkorrak (antibirikoak) lortzea... Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.