HAMAIKA

Mikel Otero: "Onartezina da LABIren jarrera; olatu guztiek gainetik pasa dute"

Este navegador no soporta el elemento video.


Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid egoera eta LABIren jarrera izan ditu hizpide EH Bilduko legebiltzarkideak, eta "onartezintzat" jo du: "Ia hilabeteko oporrak hartu ditu, eta olatu guztiek gainetik pasa dute", salatu du.

Alarma egoera ez luzatzeko erabakiak sortutako polemiz galdetuta, nabarmendu du alarma egoerak "azken aukera" izan beharko lukeela, baina adierazi du "segurtasun juridikoa" behar dela neurriak hartu ahal izateko. Zentzu horretan, Oterok nabarmendu du pandemiak erakutsi duela Euskal Herriak "subiranotasun falta ikaragarria" duela, eta eztabaida hau "ireki" behar dela dio.

Txertaketa kanpaina izan du hizpide EH Bilduko legebiltzarkideak eta nabarmendu du "okerra" izan dela estrategia; alde batetik, azaldu du txerto asko bidean "galdu" direla, eta bestalde, digitalizazioak eragindako "arrakalak" ere salatu ditu: "Hainbat pertsonak zailtasun handiak dituzte zita hartzeko".

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoa dela eta, zerga politika berri baten beharra azpimarratu du Oterok, eta salatu du eztabaida hau ez duela ireki nah izan EAJk. Krisi ekonomikoa hizpide, hainbat lan-gatazka ere izan ditu hizpide EH Bilduko legebiltzarkideak, eta salatu du "finkatutako eskubideak" dituzten langileak ari direla kaleratzen enpresa horiek, gerora, lan karga handituz gero, lan kontratazio "prekariogoko" langileak kontratatzeko. ERTEak hizpide, azpimarratu du horien aldekoak izan direla, baina azpimarratu du ERTEak ezin direla EREen "aurrekari" izan: "Enplegua mantentzeko konpromisoa hartu behar da", nabarmendu du.

Eibarren Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutela 90 urte bete diren honetan, Oterok azaldu du beraiek "errepubliken" alde egiten dutela: "Hemen zor historikoa dago, eta gure eskubide historikoak errespetatu behar dira". Azaldu du gero eta indar metaketa handiagoa dagoela, eta gero eta jende gehiago dagoela "konbentzituta" euskal estatu batean pertsonen bizi baldintzak "hobeak" izango liratekeela. Hori horrela, "kontzientzia nazionalaren beherakada baino, pultsu nazionalaren beherakada" ikusten duela dio, eta zentzu horretan, azaldu du indar metaketa hori baliatu behar dela proiektu eraldatzaile independentista bati bultzada emateko. Prozesu horretan, EAJrengatik ez dutela aurrepausorik espero dio, eta EH Bilduk bere bidea egingo duela azpimarratu du: "EAJ independentziari begira jartzeko zain baldin bagaude, zain egon beharko dugu beti".

Trantsizio ekologikoa izan du hzpide Otero, eta nabarmendu du "gain karga ekologiko egoeran" dagoela Euskal Herria; zentzu horretan, "prozesu eraldatzaile handi" batean sartu behar dela dio. Mugikortasun jasangarrirantz joateko, berriz, motorizaizo berri batzuk behar direla azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.