HAMAIKA

Roberto Uriarte: "Indultua erabaki ona da zubiak eraikitzeko"

Este navegador no soporta el elemento video.


Roberto Uriarte Espainiako Kongresuko Unidas Podemoseko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Kataluniako preso politikoen balizko indultuez hitz egin hasi gara elkarrizketan; bere iritziz, indultua "ona" izan daiteke "kontua lasaitzeko, eztabaida irekitzeko, eta zubiak berriro eraikitzeko". Bere esanetan, inkestak eta botoa aldera batera utzi behar dira, "indultua onerako izango delako epe luzera begira".

PPren jarrera izan du hizpide Uriartek: "PPk uste du eurei dagokiela gobernatzea; ezkerreko alderdi guztiak ilegitimoak direla diote, eta hori ari dira aplikatzen". Zentzu horertan, nabarmendu du eskubideetan aurrerapauso bat ematen den bakoitzean, beti daudela aurrean eskuina eta ultraeskuina: "'Efekto ayuso' deitzen dena gertatzen ari da; harro sentitzen dira, eta harrokeria hori erabiliko dute ilegitimoak kontsideratzen dituzten ideologien aurka".

Ceutara iritsi diren migratzaileen egoera hizpide, Uriartek nabarmendu du autodeterminazio erreferendumaren bidez konpondu beharko litzatekeelako Saharako egoera. Euskal Herriko hainbat enpresatako lan-gatazkak hizpide, azpimarratu du Euskal Herriak politika industriala behar duela: "Nik Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dut benetako borondaterik ikusten enpresen etorkizuna bermatzeko". Zentzu horretan, Corrugados dela eta, adierazi du benetan enpresa aurrera ateratzeko borondatea duenak ez dituela horrelako tresnak erabiltzen: "Sailburu batek eseri, hitz egin eta adostasunak bilatu behar ditu".

ERTEn luzapena oso erabaki ona izan dela azpimarratu du, lagunduko duelako bestela galduko liratekeen lanpostuak ez galtzen. Pentsioen erreformaz ere galdetuta, azpimarratu du pentsioak eskubideak direla, eta errespetatu egin behar direla. Bide horretan, lanpostu duin eta eginkorrak ezinbesteko jo ditu.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.