02 JUN. 2021 - 14:19h Maddalen Iriarte: "Herritarrei azaldu behar zaie zergatik hartzen diren erabakiak" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaile eta legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. COVID19ak eragindako pandemiaren egoeraz hitz egiten hasi gara, eta nabarmendu du "oso arduratuta" egoteko egoera dela, baina, era berean, adierazi du txertaketa kanpaina aurrera egiten dari dela. Adierazi du erabakiak hartzen direnean herritarrei azaldu behar zaiela zergatik hartu diren erabaki horiek. Zentzu horretan, azpimarratu du garrantzitsua dela "panel independente" bat egitea, "zer egin den gaizki jakiteko, eta era honetako pandemiari aurre egiteko zein neurri hartu behar diren jakiteko". Bide horretan, COVID19aren Liburu Zuria "abiapuntu ona" dela azpimarratu du, eta beste behin, herri honen "indar kolektiboa" martxan jarri dela adierazi du. Zentzu horretan, azpimarratu du "oso argi" azaldu behar dela zergatik hartzen diren erabakiak: "Gobernu hau ez da gardena izan, eta ez du azalpenik eman". "Konfiantza eta komunikazio krisia" egon dela azpimarratu du, eta horren atzean, "gobernantza eredu batek eragiten duen konfiantza krisia" dagoela adierazi du. Atzo Gasteizen inauguratutako Biktimen Memoriala izan du hizpide Iriartek, eta azpimarratu du "abandonatuta" sentitzen direla Estatuaren indarkeriaren zenbait biktima: "Nola sentituko dira Martxoaren 3ko biktimak Gasteizen? Meliton Manzanasek nire aita torturatu eta umiliatu zuen, eta museo horretan toki bat du. Alemanian, nazismoko agintariek ez lukete horrelako lekurik izango", salatu du. Era berean, azpimarratu du urratsak eman behar direla biktima guztien errekonozimendua eta aitortza egiteko, "elkarbizitza gauzatu ahal izateko". Krisi industriala izan du hizpide, eta hain zuzen, Aiaraldea eskualdearen egoeraz mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkidea: "Aiaraldea aspalditik dago larrialdi egoeran; galtzen ez den borroka da amaitzen ez dena, eta gu ondoan izango gaituzte". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren industria politika aztertu du, eta galdetu du ea Tapia andereak ba al duen politika industrialik. Zentzu horretan, Iriartek salatu du ez dutela autokritikarik egin, eta "propaganda fiktizioak" egin dituztela hori estaltzeko, Corrugados-i erreferentzia eginez. Corrugasoen harira, berretsi du ez dagoela planik, eta horren erakusle dela Nagore Alkortari herriak eman dion babesa. Azken asteetan, euskarak jasan dituen erasoak izan ditu hizpide Iriartek, eta nabarmendu du judikaturak "lotsa galdu" duela, eta "erabaki politikoak" hartzen ari dela. Hori horrela, "euskalgintzak esan bezala", "elkar hartu" eta "norabide berean" lan egin behar dela azpimarratu du.