HAMAIKA

Julen Arzuaga: "Penagarria da memoria arerio politikoa higatzeko tresna gisa erabiltzea"

Este navegador no soporta el elemento video.


Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Memoriaz eta errelatoaz hitz egiten hasi gara, eta errelatoa eta memoria ezberdindu behar direla azpimarratu du. Zentzu horretan, salatu du zenbait alderdi "memoria arerio politikoa higatzeko tresna gisa" erabiltzen ari direla, eta "penagarritzat" jo du.


Atzoko atxiloketak hizpide, nabarmendu du "Estatu Sakoneko elementu inkontrolatuek herri honen bake, erresoluzio eta konponbide nahiak zapuztu nahi dituztela". 

Azken hilabeteetan, Ertzaintzak hainbat mobilizaziotan izan duen jarrera izan du hizpide, eta adierazi du oso larria dela osasun departamentua gorroto delitu gisa ikertzeko ekimenean sartzea: "Horrelako auziak badakigu non hasten diren, baina ez non bukatzen diren". Azpimarratu du kezkatuta daudela segurtasun departamentuaren jarrerarekin: "Eztabaida lasai bat eduki ordez, informazioa ukatzen digutelako, eta Erkoreka gezurretan ari delako". Zentzu horretan, galdetu du ea gaur egungo Ertzaintza prest ote dagoen gaur egungo erronkei erantzuteko; hori erantzun ordez, eztabaida "erredikulizatzen" ari direla salatu du.

Uztailean hastekoa den 13/13 auziaz ere hitz egin dugu, eta nabarmendu du iraganeko elementuak errepikatzen ari direla etengabe: "Iraganeko elementuak orainaldira ekartzen ari dira etengabe: berriro mina, berriro bortizkeria, berriro sostengagaitzak diren akusazioak...Kartzelak hustutzeko garaia da, eta beste batzuk kartzelak betetzera jotzen dute behin eta berriro".

Pasa den astean ospatu zen torturaren biktimak oroitzeko nazioarteko eguna, eta nabarmendu du errekonozimenduan pausoak eman badira ere, justizian ez direla horrelako pausoak eman: "Badaude torturatuak, baina ez torturatzaileak". Horrez gain, adierazi du zenbait biktimek berbiktimizazioa salatu dutela.

Presoen egoera izan du hizpide, eta nabarmendu du pandemia oso gogorra izan dela beraientzat. Zentzu horretan, adierazi du "presoek birusa espetxeetan sartu ez dadin euren gain hartu dituzten erantzukizunak euren alde jokatu beharko luketela orain, eta onura batzuk jaso". Era berean, salbuespenezko neurri guztiek amaitu behar dutela nabarmendu du: "Irits dadila normalitatea".

Arzuagak adierazi du pandemiak agerian utzi dituela autogobernuaren gabeziak, eta zentzu horretan, azaldu du espero duela irailean abian jartzea autogobernuaren ponentzia, "zer behar dugun, eta gure herria nola egotea nahi dugun erabakitzeko".

Ikusi osorik www.hamaika.eus webgunean.