07 OCT. 2021 - 14:13h ELA: "Errepublika nagusi den estatu propio baten aldeko hautua egingo dugu" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia izan dugu gaur "Gurean Gaur" magazineko gonbidatu nagusia. ELA sindikatuak, 'Aktibatu, lortu, zaindu' lelopean, azaroaren 24an eta 25ean XV. Kongresu Konfederala egingo du Bilboko Euskalduna Jauregian. Helburu nagusietako bat langileak eta gizarte osoa aktibatzea dela azaldu zuen aurkezpenean. Horrez gain, errepublika nagusi den estatu propio baten aldeko hautua egingo dutela azpimarratu du Mitxelek: "Estatu propio baten aldeko hautua egin nahi dugu, independentziaren aldekoa. Errepublika baten moduan ikusten dugu etorkizuna". Arrazoiak argiak direla adierazi du: "Estatuak agerian utzi du zer den aginte bakarra; hamaika arrazoi ditugu bide horretan aritzeko". Estatus politiko berriaren eztabaida berrabiatu nahi du Urkullu lehendakariak urte politiko honetan zehar, Mitxelek dio ez dutela asmo hori ikusten: "EAJk ez du asmorik inongo biderik hartzeko, oso eroso daude neoliberalismoaren bueltako errealitate horretan"; "Estatutu berriaz hitz egiten denean, gure ustez, distrakzio politikorako tresna baten aurrean gaude" gehitu du. XV. Kongresuan hainbat lehentasun dituztela azpimarratu du, horietako bat borroka sindikala eta prekarietatearen aurkako borroka: "Prekarietatea nagusitu da, eta toki horietara iritsi nahi dugu; langileetatik ahalik eta gertuen egon". Aurten zuzendaritza berria aukeratuko dute, zuzendaritza parekide bat: "Sindikatu feminista bat izateko bidean gaude". Tubacexeko langileekin gertatutakoaren harira, greba luzearen ondoren lanera bueltatzea lortu izana "oso hunkigarria" iruditu zitzaiola azpimarratu du, "irakaspen asko utzi ditu; batez ere, borroka sindikalaren balioa". Bestalde, zaintza lanak ere hartu dituzte mintzagai. Izan ere, aurreko astean Txara I egoitzako egoiliarrek, egoera jakin batean, oheratuta hamalau ordutik gora egin zituztela azaleratu da ELAk eginiko ikuskaritza baten ondorioz: "Zahar etxeetako errealitatea ukatzen du Gipuzkoako Diputazioak". Hona hemen elkarrizketa osorik entzungai.