20 OCT. 2021 - 15:31h Ana Mezo: "Erreformaren lehen bloke horretan ez dira gure aldarrikapenak kontuan hartzen'" Este navegador no soporta el elemento video. GUREAN GAUR Ana Mezo Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Madrildik etorriko den Pentsioen Erreformari erreparatuta: "Ez dator albiste onik", laburbildu du. Erreformaren lehen blokea ezarri daiteke azaroaren 15ean, eta lehen zati horretan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko aldarrikapenak ez direla kontuan hartu gogorarazi du. Horregatik, "plazetan jarraitu behar dugu bai edo bai”, adierazi du. Escrivá espainiar ministroak proposatutako erretiro adinaren luzapenaren aurrean ez daudela ados adierazi du Mezok. Are gehiago, Escrivá Europara begira jartzen denean erretiro adina luzatzeko argudioak emateko, herrialde horietan gazteen langabezia tasa "hemen baino askoz ere baxuagoa" dela "esan beharko" lukeela iritzi du Mezok; "bizi ditugun beste faktore batzuei erreparatu behar zaie", gaineratu du. Adineko emakumeen errealitateari erreparatu dio Mezok. Pobreziak "emakume aurpegia" izaten jarraitzen du "kasu askotan", baieztatu du. Gaztetik prekarietatea bizi duten emakumeek pentsioetan ere bizi dutela salatu du. Zaintza lanak aitortzearen beharra azpimarratuta, emakume alargunen eta etxean lan egin duten emakumeen egoera izan du hizpide. "Emakume hauek zaintza lanak %100 egin dituzte, beraz, pentsioaren %100 jaso beharko lukete", aldarrikatu du. Hain zuzen, pentsiodunen mugimenduaren baitan emakumeen presentzia handia azpimarratu du eta emakume pentsionisten antolakuntza nabarian jarri du fokua. Elkarrizketa osorik hamaika.eus atarian da ikusgai.